Auzoak Landaluze 27ko eguneroko bizitza nolakoa izango den irudikatu du
Landaluze 27ko parte-hartze prozesuak urrats berri bat eman zuen joan den maiatzaren 13an, etorkizuneko komunitate-ekipamenduak auzoko eguneroko bizitzan nola funtziona dezakeen irudikatzera bideratutako saioarekin. Lokala bisitatu eta talde eragilearekin lehen hausnarketak egin ondoren, hiru gai nagusitan sakontzea izan zen helburua: espazioak zer jarduera hartu ahal izango lituzkeen, haren funtzionamendua zer printzipiok gidatu beharko luketen eta epe ertainera auzoan zer aldaketa positibo espero diren.
Saioa Landaluze 27ko lokalean bertan egin zen, auzotarrek hala eskatuta. Espazioaren barruan lan egiteak proposamenak haren benetako aukeretatik pentsatzeko aukera eman zuen, eta etorkizuneko ekipamenduari buruzko ikuspegi partekatua eraikitzen jarraitzeko baliagarria izan zen.
Lehen dinamika batean, parte-hartzaileek jarduera posibleak irudikatu eta asteko une desberdinetan kokatu zituzten. Proposamenek eguneroko topagune izango den espazio bat marrazten dute, belaunaldiarteko, kultura-, hizkuntza-, ongizate- eta bizikidetza-jarduerekin. Jasotako ideien artean honako hauek daude: pilatesa, ongizate fisiko-emozionala, berbalagun, euskarazko klaseak, eskulanak, mahai-jokoak, dantzak, ipuin-kontalariak, proiekzioak, ikaskuntza-hitzaldiak eta adinekoei zuzendutako jarduerak.
Proposamen horiek ez dira programazio itxi bat, baizik eta ideien lehen antolaketa bat, Landaluze 27k nolako bizitza hartu ahal izango lukeen eta asteko une desberdinetan zer erabilera-behar ager daitezkeen irudikatzen laguntzen duena.
Saioaren bigarren zatia espazioaren etorkizuneko funtzionamendua gidatu beharko luketen printzipioetan oinarritu zen. Itzulera soziala, bizikidetza, irisgarritasuna eta inklusioa, gardentasuna eta kultura- eta hizkuntza-aniztasuna gehien aipatutakoak izan ziren. Horrez gain, beste balio batzuk ere jaso ziren, hala nola sarbide irekia, jardueren aniztasuna, ingurumen-jasangarritasuna, erabilera komunitarioa, erabileren txandaketa eta erantzukidetasuna.
Azkenik, taldeek Landaluze 27 irudikatu zuten 2028ko maiatzean, behin irekita eta ondo martxan dagoenean. Erantzunek etorkizuneko irudi bat marrazten dute, jarduerak dituen lokal bat izatetik harago doana: adinekoen bakardadea murrizteaz, auzotarren arteko harremanak sendotzeaz, ongizate emozionala eta fisikoa hobetzeaz, auzoa aktibatzeaz, komunitate-laguntza indartzeaz, kulturartekotasuna handitzeaz eta Landaluzeko natura- eta landa-ingurunearekiko lotura sendotzeaz hitz egiten da.
Ildo horretan, Landaluze 27 loturak aktibatzeko, elkarri laguntzeko sareak sortzeko, pertsonen ongizatea eta osasuna sustatzeko, auzoko ekimen berriak bultzatzeko eta belaunaldi eta kulturen arteko bizikidetza indartzeko tresna gisa ulertzen da.

Prozesuak zabalik jarraitzen du. Herritarrek maiatzaren 28ra arte ekarpenak egiten jarraitu ahal izango dute www.landaluze27.eus webgunearen bidez edo Udalean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez. Horrez gain, WhatsApp kanal bat jarri da martxan prozesuari buruzko informazioa partekatzeko: https://labur.eus/Landaluze27WA.
Hurrengo saio irekiak ekipamenduan bertan egingo dira: maiatzaren 27an espazio fisikoaren beharrak eta haren antolaketa landuko dira; eta ekainaren 3an jasotako proposamenak partekatu eta hurrengo urratsak zehaztuko dira.
0 iruzkin